Punta-puntako gidariak egongo dira V. Ñañarri Rallyesprintean, etzi

Euskal Herriko Rallysesprint Txapelketako gidaririk onenak eskualdean izango dira etzi, hilaren 21ean. Alegiatik Amezketara bitartean, V. Ñañarri Rallyesprinta jokatuko da, Euskal Herriko Txapelketarako puntuagarria den hirugarren proba. Irurako ikastolaren alde dirua biltzeko helburua duen lasterketarako sarrerak, egunean bertan jarriko dituzte salgai irteera puntuan, hau da, Alegian.

Hain justu, Irurako ikastolaren aurrean aurkeztu zuten proba, atzo. Iñigo Iñurrita koordinatzailea, Xabier Saizar ikastolako zuzendaria eta Jon Muñoz Hondarribiko Sardara motor elkarteko kidea aritu ziren lan horretan. Guztiak ibili dira antolatzaile lanetan, elkarlanean, eta proba urtetik urtera gero eta ospe gehiago hartzen ari dela esan zuten: «Urtetik urtera gero eta gidari gehiago etortzen dira Ñañarrira. Eurekin hitz egitean gustura agertzen dira, eta ondorioz, gu ere horrelaxe gaude. Helburu nagusia ikastola diruz laguntzea da, eta horregatik jendeari dei egiten diogu, probara gerturatzeko eskatuz. Alde batetik, ikastola laguntzeko aukera izango dute, eta bestetik, egun pasa ederra bizitzekoa. Komisarioei kasu egitea ere eskatzen dugu, txukun ibiltzearekin batera», azaldu zuen Iñigo Iñurritak.

Hondarribiko Sardara motor elkartearen laguntzaz antolatzen da Ñañarri proba. Jon Muñoz bertako kidea da, eta rallyesprintaren hainbat datu tekniko eman zituen atzo: «Euskal Herriko Txapelketaren barruan jokatzen den hirugarren proba izango da Ñañarrikoa. Orain arteko parte hartzerik handiena izango da, 77 kotxe egongo baitira larunbatean. 09:30ak aldera, Alegiako Bazurka industrialdean, auto guztiak elkartuko dira, eta bertan egongo dira 12:30ak arte. Jendeak bertan izango du auto guztiak ikusteko aukera. Proba 15:00etan hasiko da, eta maila altua duela esan beharra dago; zati oso azkarrak ditu, eta niretzat behintzat, oso ikusgarria da. Alegia, Orendain, Abaltzisketa eta Amezketako errepidea 14:00ak aldera itxiko da. Proba bukatu arte, ibilbidea itxita egongo da, hau da, 19:00ak ingurura arte».

Xabier Saizar ikastolako zuzendariak, bere aldetik, esker oneko hitzak besterik ez zituen: «Ikastolaren izenean eskerrak eman nahi dizkiet rallyesprinta egitea ahalbideratu duten guztiei. Lehenik, ibilbide barruan aurkitzen diren herrietako udalei, euren baimenik gabe ezinezkoa izango baitzen hau aurrera ateratzea. Bestetik, boluntario lanetan ibili eta ibiliko diren guztiei, jende mordoa, eta baita babesa eman duten kolaboratzaileei ere. Jendeari, berriz, probara anima daitezen eskatuko nieke».

Hainbat datu

Irteera puntua Alegian izango du V. Ñañarri Rallyesprintak. Sarrerak erosteko aukera bertan egongo da. Ikusleek, beraz, 8 euro ordaindu beharko dituzte probara sartzeko. Lasterketan parte hartuko duten autoak 15:00etan irtengo dira Orendain aldera. Hemendik Abaltzisketarako bidea hartuko dute, Amezketako helmugara iristeko. Guztira 10 km eta 350 m inguru dituen ibilbidea da. Autoen ezaugarrien arabera, maila desberdinetan lehiatuko dira gidariak, baina guztiek hiru itzuli eman beharko dizkiote ibilbideari. Legezko kontaketak egin ondoren, sari banaketa Amezketako plazan izango da. Aurreikuspenen arabera, proba 19:00ak aldera amaituko da.

Orendaingo herritarrei deialdi berezia egin diete antolatzaileek
Ñañarri Rallyesprinteko arduradunek, ezbeharren bat gertatuz gero DYAra deitzea eskatu diete orendaindar guztiei. Lasterketarako anbulantzia herriaren sarreran egongo dela azaldu dute, eta hau herritarren eskura jarriko dute antolatzaileek. Horretarako, DYA-ra zuzenean deitzea eskatu dute, hain zuzen ere, 943 46 46 22 zenbakira.

Lasterketak irauten duen bitartean, Orendain erabat hartuta gelditzen da, errepidea itxita egoten baita. Ondorioz, beti ere ezbeharren bat gertatuz gero, gertuen izango duten anbulantzia lasterketak jartzen duena izango da, eta horregatik egin nahi izan dute eskeri berezi hori antolatzaileek.

Euskal Herriko Txapelketa, Sailkapena
1. Joseba Zapirain    58 puntu
2. Joxe Labaka    54p
3. David Ardions    48p
4. Ander Barainka    44p
5. Iban Tarsicio    37,5p
6. Ander Arana    35p
7. Holke    32p
8. Jesus Perez    30p
9. Xabier Agirre    28p

Ñañarri Rallyesprintean izena eman duten hainbat gidari

Joseba Zapirain (Peugeot 206 WRC)
Joxe Labaka (Mitsubishi Evo V)
Ander Barainka (Peugeot 106 S16)
Iban Tarsicio (Fors Escort Cosworth)
Ander Arana (Peugeot 309 GTI 16 V)
Xabier Agirre (Citroen Saxo VTS)
Txus Jaio (BMW 320i)
Iñaki Alberdi (BMW M3 E30)
Aingeru Castro (BMW M3 E30)
Toni Evangelista (Porsche 911)
Holke (Peugeot 206 XS)
Iñigo Alberdi (Renault Clio Williams)
Markos Landa (Opel Kadett GSI 16V)

No hay comentarios:

Publicar un comentario