Emozioz beteriko Ñañarri Rallysprinta

Alegia eta Amezketa arteko errepidea jendez bete zen atzo Irurako Ikastolaren aldeko IV. Ñañarri Rallysprinta ikusteko. Eguraldiak lagunduta goizean goizetik jende ugari hurbildu zen egun pasa egiteko prest zirkuito ingurura sonbrila, parrila edota bokadiloekin, lagunartean zein familian eguna igarotzeko. Kanpin denda eta guzti aurreko egunetik joandakoak ere baziren, momentuko pilotu onenak ikusteko irrikitan.
Errepide inguruko gune eta zelaiak jendez bete ziren: Orendaingo bidegurutzean, Alegian eta Abaltzisketako irteeran baita 28. gunean ere, jende ugari bildu zen igarotzen zen auto bakoitza txalo-tzeko. Txoko guztietatik joandako ikusleak ziren, Gipuzkoako herrietatik gehienbat, hala nola, Azpeitia eta Deba, baina baita Laudiotik, Lekeitiotik, Ondarroatik edota Iruñatik joandakoak ere. Gune guztietan giroa ezin hobea zen eta pilotu guztiek txalo zaparradak eta animo ugari jaso zituzten.
Aurten, hasierako noranzkora itzuliz, Alegia eta Amezketa artean izan zen proba. Segurtasun arauak ugariak izan ziren ibilbide osoan zehar eta horrek ezbehar bat baino gehiago ekidin zuen. Ñañarri Rallysprinta gaur egun zirkuituan dagoen proba seguruenetakoa da, eta, horren seinale, ikusleek edozein toki aprobetxatu ahal izan zuten autoak ikusteko. 75 pilotu izan ziren erlojuaren kontrako proba honetan parte hartu zutenak eta antolakuntzak ikusle guztien jarrera ona eskertu zuten. Segurtasuna hobetzeko, Abaltzisketa sarrera 'chicane' bat ezarri zuen antolakuntzak, betidanik proba honek izan duen ikusgarritasuna mantenduz.
Bigarren txanda izan zen arazo gehien izan zituena eta pilotuek segurtasun itzulia baino ez zuten egin ahal izan. Itzuli honetan probako faboritoak, Ander Vilariño eta Iñaki Alberdi kanpoan geratu ziren eta istripu baten ondorioz proba geratu egin zen. Istripu ikusgarriena hala ere, 28. gunean gertatu zen: auto batek irristatu eta zibarena egin ondoren kurban zegoen ikusle bat harrapatu zuen. Zorionez, galtza baino ez zion apurtu. Antolakuntza eta bolondresen lan onari esker karrerak laster jarraitu ahal izan zuen eta azken txandari hasiera eman zitzaion jarraian.
Hirugarren itzulian pilotuek zein ikusleek gogo biziz parte hartu zuten karreran eta probaren ikusgarritasun handia nabarmendu zen beste behin.

No hay comentarios:

Publicar un comentario